XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Beldurrak eraginda egindako lanak ondo estimatuak izan ohi dira, emaitza onak lortzen badira behintzat; kasu honetan indarra, defentsa eta lasaitasuna dira lortutako emaitzak.

IV. mendetik aurrera, Erromatar inperioaren gainbeherarekin batera, gatazkak ugaritu egin ziren.

Mendialdean zeuden baserriak, oro har, sakabanaturik zeuden eta erasoak izateko arriskua handia zen: kanpoko gudariak, bidelapurrak, lapurrak...

Sarraskietatik defendatzeko sortu ziren, beraz, hiribilduak Aralar inguruan.

Esan dezagun, XIII. menderarte ez dela benetako hiribildurik sortu isurialde kantauriarreko bailaretan.

Aldiz isurialde mediterraniarrean askoz lehenago eman zen hiribiltze-prozesua.

Beren interesak defendatzeko behar handiena zuten jauntxoak ziren hiri-bilduetako biztanle nagusia, bai aberatsak, bai politikoak eta bai erlijio-gizonak; ezer ez daukanak gordetzen lanik ez dio esaera zaharrak.

Baina beti ere jauntxoen ingurura arrimatu ziren artisauak, salerosleak, funtzionarioak, ertzainak eta zenbait nekazari ere.

Aralar inguruko biderik garrantzitsuenak, Europako mendebaldea Penintsularekin lotzen zuelako oso nagusia zenak, Iruñea Arabako lautadarekin lotzen zuen, Nafarroako Sakanatik igaroz.

Bertan eman zen inguru honetako lehenengo hiribiltze-prozesu garrantzitsua.

Ikusi besterik ez dago Sakanan eta Oria ibaiaren arroan diren herrien arteko egitura desberdintasun nabarmena: Sakanan baserriak bilduta daude, sakabanatuta dagoenik apenas aurkituko dugun.